XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oriek danak zueri ezagutueraztea da nik gaur dakardan xede edo gaia, Jaungoikuak ta bere ama gaitzitzalik gabiak laguntzen nauela bear bezela itzegiten, eta zuen biotzak sututzen, Beraren eta euskeraren maitetasunaz.

Erroma iri zar aundiaren kondairan dakusagu, euskaldun maiteak, bein bere gudari ospetsuak lur zabaleko bazter danak garaituz-keroz nai izan zituztela ere mendetu euskaldunen mendiak.

Jesus gure Jauna gutartera jatxi baño gutxiz aurrerago, Erromako gudariak sartu ziran gure ibarrak barrena, ustez iñork etzuela irauziko mundu guztiak zekarren beren uztarri gogorra.

Mendi tontor oietan altxatu zizkioten bere Jaungoiko gezurrezkoeri arpilarrak eta eleizak, iduriz lur ori dana beretuko zutela, landatzen balinbazuten gure arkaitz artetan bere Enperadoren bandera.

Igaro dan astean oraindik, an, Euskalerriaren beste buruan dan nere jaioterri Zubero-ko probintzian; nere begiez nakusen Caius Valerius Valerianus zeritzaion gudari erromatar batek mendi gora batetan altxatu zuen arrizko mai eder bat.

Mai ark dakar latiñ itzez nola, mendiz-mendi zebillela, gudu aurrendari orrek altare bat eskeñi zion lepo artan zegoen edo arkaitz aietan zebillen basajainkoari.

Bi milla urte igaro dire ta aspaldiz-keroz itzaltua da bai gudari aren, bai Erroma eziñ-garaituaren fama edo omena.

Ezgenakike izan ote danez beiñere an erromatar oste aundirik, topatu ez-bagendu arri pikatuzko mai ori, orainxe an altxatzen dan kristau eleiza baten ormetan sartua.

Igaro dire, igaro, zeruko laño-edoia bezela, lur zabalaren garaitzale otsegilleak.

Eien oiu, marraka ta birauak ez dituzte jo bi milla urtez-keroz gure mendietako oiartzunak; ta oiartzun bigun maitagarri abek besterik ezdakarkigute, baizik gure bildotsen dei-ikara ta gure artzaien xaramela.

Munduak galdu du erromatar zarren oroitzapena; lurrak jan edo erre ditu oien ezurrak, ta ainbeste gizon aundien azken obiaren gaiñean, oteak ta iratzeak zabaltzen dituzte bere lore, osto ta buruxkak.